PEDRO ISPIZUA SUSUNAGA

Pedro Ispizua Bizkaiko Bermeoko Udalerrian jaio zen 1895eko apirilaren 29an eta Estanislao Ispizua ebanistaren eta Petra Susunagaren semea zen.

Bermeon bertan, familiaren ebanisteria Estanislao Ispizuaren zuzendaritzapean zegoen eta txiki txikitatik, Pedro Ispizuak bertan lan egiten zuen, aitaren oinordekoa izateko asmoz. Inolako zalantzarik gabe, haurtzarotik marrazten erakutsitako trebetasuna izan zen bere ezaugarririk nagusia.

Marrazkirako zeukan iaiotasun aparta hori denen ahotan zegoen eskolan eta Uda bermeon ematen zuen Bilboko Arte eta Lanbide Eskolako irakasle baten arreta ere erakarri zuen.

Hamabi urte zituela, Pedro Ispizua Bilboko Arte eta Lanbide Eskolan hasi zen ikasten. Han, José María Basterra arkitektoaren lantokian sei hilabeteko praktikan egiteko aukera eskaini zion. Urte haietan, Basterra Bilboko eklektizismoko arkitekto nabarmenetakoa zen.

Pablo Herault frantsesak, Basterraren hiru delineatzaileetako bat zen eta harri eta zur geratu zen gaztearen trebezia plastikoa ikusi zuenean. Hori dela eta arkitektura

Ikasteko esan zion.

1912.urtean Bartzelonara joan zen. Arkitektura Eskolan sartzeko beharrezko prestakuntza egiteko asmoz. 1914-1915 ikasturtean lehenengo matrikula ofíziala egin zuen.

Bere maisurik handiena Lluis Doménech i Montaner izan zen. Hau izan zen Ispizuarentzat irakasle miretsiena eta maitatuena.

Hirugarren ikasturtean Ispizuak praktikak egin zituen Familia Santuaren elizako obretan, Gaudí zaharraren zuzendaritzapean.

Doménechek Ispizua gazteari eskainitako onespena ez zen anekdotikoa izan. Hain zuzen ere, Kataluniako arkitekto berak Izpizuaren balioa azpimarratu zuen, sasoi hartan Bilboko Udaleko arkitektoa zen Ricardo Bastidak garatutako talento-bilaketari erantzuteko asmoz.

Bartzelonara bigarren aldiz joan zenean, Bastidak bat-bateko elkarrizketa egin zion Ispizua gazteari, eta horren ostean Bilboko Udaleko arkitekto izateko proposatu zion. 1920ko udan bertan, titulua lortu baino lehentxeago , Ispizua Arkitektura Saileko arkitektu-burua izendatu zuten 1920ko ekainaren 21ean bere kargua harturik.

Lehen bi urteetan, Bermeo eta Bilbo artean bizi izan zen. 1922ko azaroan Francisca Uribarri bermeotar gaztearekin ezkondu zen, eta Bilboko Alde Zaharreko Erronda kalean jarri zuen bere lantoki-etxebizitza 

Bilboko Loruriko etxebizitza merkeen asmo handiko sustapena eraiki zuenean, bere lehen arrakasta handia lortu zuen.

Hogeiko hamarkadan enkarguak biderkatu egin ziren. Bilbo inguruko beste udalerri batzuetara ere zabaldu zuen bere jarduera; esate baterako,Portugaletera, Getxora eta Bakiora.

Bilboko Udalarentzat hona proiektu hauek egin zituen: Atxuriko García Rivero (1928) eta Santutxuko Luis Briñas eskola-taldeak (1933), Erriberako Merkatua (1930), Areatzako pasalekuaren zaharberrikuntza, Parkeko Pergola, Albiako lorategiak, Areatzako kiosko berria (1928), Udaleko bulego teknikoen eraikina.

Bestaldetik tokian tokiko abizen ospetsuekin zuen adiskidetasunak, arlo pribaturiko proiektu adierazgarriak jasoteko aukera eman zion; esate baterako Kirol Elkartea (1930) eta Bitz-Gane egoitza-sozietatea.

Bere lanbide-egoera finkatu egin zenez eta jasotako enkargu guztien ondorioz hobera egin zuenez, Ispizua higiezinetan inbertitzen hasi zen. Errekakoetxe kalean, bere lehen bi etxebizitza-eraikinak egin zituen eta 1926. urtean, bertara eraman zituen bere etxebizitza eta lantokia.

1928. urtean, bere lan adierazgarri bi ireki zituzten. Areatzako musika-kioskoa eta Atxuriko García Rivero Eskola Taldea. 1930. urtean, Miguel Primo de Rivera gobernuko Presidenteak Erriberako Merkatua ireki zuen. Bestetik, arlo partikularrean, 1930. urtean bertan, Bilboko Kirol Elkartea ireki zuten (gaur egun ez dago). Hamarkadetan zehar, Kirol Elkartea Bilboko Art Decoaren distira iragankorraren ikono bereizgarriena izan zen.
Garai hartan, bi urte geroago, Ernesto Erkoreka Regil jauna Bilboko Alkatea zela, Luis Briñas Eskola Taldeko lanak egiten hasi ziren Basarrate landan. Era berean, udaletxera atxikitako udal-bulegoen eraikina amaitu zuten, eta sekuentzia hori estilo modernoaren, Art Decoaren eta arrazionalismoaren segidaren adierazgarri ezin hobea izan zen.
Bilboko Alkate Errepublikarra izan zen
Ernesto Erkoreka, Indalecio Prieto, Pedro Ispizua
eta Ricardo Bastidarekin, besteen artean .

Gerrako urte lazgarriak iritsi zirenean, udalean betetzen zuen kargutik kendu zuten eta hilabetez kartzelatu zuten. Orduan sustapen pribatu obretan jardun zuen bete-betean.

1950. hamarkadan bi datu azpimarragarriak daude bere bizitzan. Alde batetik, Pedro eta Javier semeak hasieran eta gerotxoago Jon, hasi ziren aitaren lantokian. Bestetik, 1954. urtean oso gertaera gogorra jasan zuen, bere emaztea hil zen eta.

1962.urtean bigarren aldiz ezkondu zen Aurora Ugalde Alonsorekin eta 1964ko ekainean, behin betiko erretiratu egin zen.

1976ko otsailaren 28an, 80 urte izanik, arkitekto zaindariaren egunean Ispizua Bilbon hil zen.

Ispizuaren erretratua bere arkitektura oldartsuan, aldartetsuan, larregizkoan, kontrajarrian eta buruarinean delineatuta geratzen da, eta, aldi berean, ondo baino hobeto zaintzen dira xehetasun guztiak.

Oso gogoko zuen familiarteko bizimodua eta gogotik lan egiten zuen. Lanbidearekin zerikusi zuten adiskideen artean, Lucarini eskulturagilearekin zeukan adiskidetasuna nabarmendu beharra dago. Izan ere bere lanetan leku esanguratsuak gordetzen zizkion bere eskulturak diseinatzeko. Besteak beste Deustuko egoitzaren tigrea, Luis Briñas eskola-taldeko aingerutxoak (tamalez azkeneko zaharberrikuntzan desagertuak) eta abar…