Eraikitzen hazi zirela 75 urte bete dira aurten. Eta horixe ospatu nahi dute Briñas Eskolako kideek. Hilabeteetako ikerlanaren eta argazki eta objetu bilketaren fruitua maiatzaren 25etik 29ra ezagutu ahalko da.
Erakusketa zabala arrratsaldez ikusgai egongo da eta argazki liburua erosgai.
Santutxuarrek azken 75 urteetako historia guztiak aurrez aurre aurkituko dituzte: historia ofiziala, historia pertsonalak eta historia ezezagunak.
IKER ETA UNAI CALLADO:“Irakasleak onak dira”
Zazpi eta lau urte dituzte. Biek ikasten dute Briñasen eta oso gustura gainera. Etxetik oinez bost minutura dute eskola eta orduak ematen dituzte jolastokian eskola orduetatik kanpo. Ikerri gimnasia klasea gustatzen zaio gehien eta Unairi koltxonetetan jolastea. Irakasleak onak direla diote, batzutan Ikerri etxerako lan asko bidaltzen dizkioten arren.
ANA SANTAMARIA ETA ALVARO: "Eskola nirea da”
Eskola eraikitzeko lursaila eman zuen Luis Briñasen anaiaren ondorengoak dira. Alvaro harro dago Briñas eskolan ikasten duelako. “Eskola nirea da” esan izan die inoiz klasekideei. Ana burubelarri ibili da Luis Briñasi buruzko informazioa batzen, baina ezer gutxi aurkitu du. Ilusioz eta penaz dago, iaz hil zen bere amak ezin izan baitu urteurren borobilarekin gozatu.
GORKA IRURTIA: D eredukoak arraroak ginen besteentzat”
Eskolaren aurpegi guztiak ezagutzen ditu. Ikasle, irakasle eta bizilagun izan baita bertan. Bedelaren semea izanik, 2. solairuan zuen etxea. Erosoa omen zen, baina aita beti hurbil zuenez, txintxo ibili behar zuela dio. Eskola asko aldatu dela aitortzen du.
OHOko lehenengo mailan hasi nintzen ikasle eta urte betera etorri ginen eskolara bizitzera. Edozein arazo izanez gero, aitari deitzen nion. Nagusitan, magisteritza-musikaleko praktikak hemen egin nituen eta txistu klaseak ere eman ditut eskolaz kanpoko orduetan.
-Zuk ezagutu zenuenetik, zelan aldatu da eskola?
Egun, oso desberdina da. Lehen premia bereziko ikasleak aparte zeuden eta orain berriz, ikasle denak nahastean daude. Gure gelan makuluekin zebilen ikasle bat zegoen eta, egungo igogailurik eta arranplarik gabe, ezin zuen eskolako toki guztietan ibili. D eredukoak arraroak ginen besteentzat eta gaur egun D eredua da nagusi. Ziba, yo-yo eta kromoekin jolasten genuen, melokotoi hezurrarekin txistua egiten genuen… jolasak asko aldatu dira.
ANTONI OLARTE: “Kaskarreko ugari ematen zizkiguten”
Txurdinagako kiroldegiaren tokian zegoen Troka baserrian jaio zen. 74 urte ditu eta oroimen pribilegiatua. Bereak dira argazki zaharren erakusketan ikus daitezkeenetako hainbat. Briñas eskolan ikasitako lehen belaunaldietakoa da.
-Noiztik duzu gogoan Briñasko eskola?
Jaio nintzenetik. Gerra garaian, Francoren guardia egon zen bertan, asko mairuak ziren. Solokoetxen hasi nintzen ikasten eta gerra ostean, asko etorri ginen Briñasera beste ikastetxeetatik. Nik zazpi urte nituen. Neskak lehenengo solairuan eta mutilak bigarrenean geunden. Igerilekua ere bazuen eskolak, baina inoiz ez zuten urez bete. Trukemean jolasten genuen, pelotan ere bai… hortik zehar galdu nuen pelota bat behin.
-Zelakoak ziren klase orduak?
Maistrak, bakar batzuk izan ezik, oso onak ziren. Noski, denak ziren erregimenaren aldekoak. Kaskarreko ugari ematen zizkiguten. Baserritik irten gabe nengoenez, geografia asko gustatzen zitzaidan, geometria berriz ez. 14 urte arte ikasi nuen Briñasen.
MIKEL BAROJA: Pena da, Haur Eskola ez edukitzea”
Eskarmentu handiko irakaslea. Gozatu egin du historialari lanetan eta artxiboetan eskolari buruzko hainbat harribitxi topatu ditu. Tartean, 1933ko dokumentu bat, Briñasko dorrean inoiz jarri ez ziren bi erlojuren aurrekontua: 29.775 pezetakoa. -Zenbat aldatu da Briñas irakasle sartu zinetik?
Asko. 1984an, Haur Hezkuntzan bost iraskale baino ez ziren euskaldunak. Gaur egun denak dira. Geletan 30na ume izatetik 23ra pasa gara. Briñas beti izan da auzoko eskola Basarraten egon delako. Pena da, Haur Eskola ez edukitzea. Udalak BBKri eman zion kontzesioa. Guk eskolara ekartzea nahi genuen, baina inbertsio handia eskatzen du.
-Zelako lana izan da urteurreneko ekitaldiak antolatzea?
Lan handia, polita eta gogorra. Ezer gutxi genekien Luis Briñas, Ispizua arkitektoa eta eskola beraren historiari buruz eta ikerketan ibili gara 10 pertsonako taldea. Artxiboetan, hainbat material lortu dugu. Harrera ona izan du auzoan, 30 bat pertsonek ekarri dizkigute argazki eta objektu zaharrak. Urteurrena era berezian ospatu behar zela uste genuen eta merezi izan du.
JESUS IRURTIA: Eskola 100% aprobetxatuta dago”
Abantailak eta desabantailak ditu toki berean bizi eta lan egiteak Jesus bedelaren esanetan. Beti guardian egon beharra okerrena. Ilusio handia du urteurrena dela eta. Argazki zoragarriak batu dituztela dio eta auzotarrek laguntza handia eman dietela.
-Zergatik da berezia Briñasko eskola?
Ez du teilaturik, eta teilatuen ordez terrazak ditu umeek jolaserako erabil ditzaten. 100% aprobetxatuta dago. Lehio ugari duenez, argi-izpi guztiak sartzen dira. Estatuko lehenengo eskola modernista izendapena du. Hainbat zaharberritze lan egin dira. Handiena eta azkena 1997an. Orduan, desagertu ziren frontoia eta auzoko bileretarako erabiltzen zen antzokia.
-Txikitako zein oroitzapen duzu?
Ikasgelako lehiotik begira, Begoñako errepidea zelan egiten zuten ikusi nuen. Irakaslearen kutunak kanpaitxoa jotzean sartu behar genuen eskolara. Gero irtetzen zen zuzendaria txistua joz eta berandu heltzen zirenak erregelarekin berotzen zituen. Jolas-orduan gazta amerikarra eta esne-hautsa ematen ziguten. Gazta gustatu ez eta bere zatia ematen zidan lagun batek.
(Berton aldizkaria.120. zkia.)