ALKATEAREN HITZAURREA

LUIS BRIÑAS IKASTETXEAREN URTEURRENA
Luis Briñas Ikastetxeak errespetuz tratatzeko moduko adina hartu du 75 urte betetzean. Santutxu auzo ezin bilbotarrean kokatuta, Basarrateko landatik (jendeak “hildakoaren landa” esaten dio) hurbil, hiriaren intrahistoriako zati bilakatu da.
Luis Briñas filantropoak —egun-egunero agurtzen dut Alkatetzako gelaurreko bulegoan, Aurelio Artetak pintatutako koadro batean— dohaintzan emandako lursail batean eraiki zuen taxukera ederreko ikastetxe bitxi hau Pedro Ispizua udal arkitektoak, Erriberako merkatua —berreraikitzeko zorian dagoena—, Areatzako kioskoa edota Atxuriko eskolen egileak.
Baina Errepublika garaian proiektatutako ikastetxe hau tuberkulosiak jota zeuden gaixoen klinikatzat erabili zen gerra zibilean.
Guztira, 260 ohe ezarri ziren, herri gosetu eta txirotua astintzen zuen gaixotasunari aurre egiteko. Bizkaiak bazuen orduan Santa Marinako osasun-etxea —han ere Briñas jaunak ongiletzat jardun zuen— eta Gorlizko ospitalea, eta bi erietxe horietatik borroka latza egin zuten tisiaren aurka.
Briñas ez zen eskola izan 1942 urtera arte. Data horrez geroztik, gorabehera asko gertatu dira ikastetxean, eta horiexen berri ematen du liburu honek.
Balio handikoak dira liburuan bildutako argazkiak, orduko gizon-emakumeak eta Santutxuren garapena erretratatzen dituztenak. Irudi hauek ikustean, argi ulertzen dugu beste irtenbide batzuk egon zitezkeela hirigintzaren ikuspegitik, auzoa arinagoa eta iraunkorragoa egiteko modukoak, baina 50aren hamarkadako desarrollismo frankistak aurrera egin zuen kupidarik gabe.
Zernahi gerta ere, ikastetxeak Begoñako Errepublikako belaunaldi ugari hezi ditu. Gure zibilizazioan, irakaslea, maisua nahiz maistra, giltzarrizkoa da ikasleen bilakaerarako. Ume edo nerabearen hezkuntzaren zati handi bat irakasleen esku dago, hauek direlako haurra moldatzen lagunduko dutenak, edozein pertsonaren bizitzan garrantzitsuak bezain ukiezinak diren balio horiek zaindu eta betetzera bultzatuko dituztenak. Eskolako ikasleari heziketa eman eta askatasuna, zintzotasuna, ondo egindako lana edota gizon-emakumeen arteko berdintasunaren esanahia adierazten dion irakaslegoa irakaslego paregabea da. Beti pentsatu izan dut meritu aparta dutela eta bere burua aintzat duen edozein Herrik behar besteko denbora, giza-baliabideak eta baliabide materialak eskaini behar dizkiola irakaskuntzari.
Luis Briñas Ikastetxeak 75 urte bete ditu gure botxoko Jaungoikoaren zerupe honetan, Unamunok esango zukeen moduan. Alkateak zorionak eman behar dizkio, nola ez, baina horrekin batera, bizitza luzea opa dio Errepublikaren garaian sortutako Begoñako Errepublikako ikastetxe honi.

Iñaki Azkuna
Bilboko Alkatea